BELARDIA

BELARDIA KATTUKA HAUR ESKOLA
Eskola batek belardia izateak, haurrak kanpoan, modu librean jolasteko aukera ematen du. Berea eta soilik berea den proiektua garatzeko aukera dute, bere denborekin eta bere espazioekin.

Belardian proiektuak garatzeko aukera daukate; hauekin batera, motrizitatea, adiskidetasunaren arteko lotura estua… eta hau guztia natura giro batean. Bertan proposamen desberdinak garatu daitezke, hala nola, mugimendu handiena, mugimendu lasaiena, behaketarena, itzalena, ezkutaketena… Belardian haurrak deskubritu eta erabili dezaketen proposamen anitzak planteatu daitezke, mugimendu handien eta txikien esperimentazio ugari, naturaren behaketa eta manipulazioa. Haurren adierazpen askea ahalbidetzen du eta kanpoan egoteak ematen dituen aukeren gozamena.

Kanpoan jolasteak onurak dakartza haurrentzat; naturaz inguratzen dira, sekretuak bilatzeko eta gordetzeko aukera ematen du. Helduok, kanpoko espazio horiek ez ditugu barrukoak bezainbeste kontrolatzen eta hori haurrei libreago sentitzeko aukera ematen die, eta helduon begiradaz “estaltzeko” aukera ere. Belardian, haurrek bere logika jarraitzen dute (logika sekretua, naiz eta helduoi ilogikoa iruditu).

Belardiko ekintzei hezkuntza zentzua bilatzea da helduoi dagokiguna. Haur eskolako kanpoko espazioak baliabide hezitzaileak dira. Haurrek modu askean eta autonomoan jardun daitezke, inguruak eskaintzen dizkien proposamenen bidez estimulatuz.

Berdeguneak, Hezkuntza Proiektuaren erakusgarri dira. Eskaintzen duen espazioak haurrek garatuko dituzten behar eta ekintzak aurrera eramatea ahalbidetzen du:

  • Mugimendua/atsedena.
  • Segurtasuna/ arriskua.
  • Sozializazioa/ banakotasuna.
  • Helduarekin harremana/ helduarekin distantzia.
  • Birsorkuntza/ sorkuntza.
  • Fikzioa/ errealitatea.
  • Sentsazioak esperimentatu/ objektuengan eragin.
  • Eraikuntza eta ordena/ Suntsitzea eta desordena.

Gaur egun, gure txikitxoek erreferente birtual gehiegi dituzte; telebista, jolas interaktiboak… Ohartu beharko ginateke, haurrek, txiki-txiki direnetik, natura erreferenteak baino, erreferente birtualak dituztela. Errealitate birtualak ez du oinarri sendo bat eskaintzen. Naturarekin kontaktuan igarotako denborak, bizitzarako eta etorkizunerako oinarria sendotzen dute. Pixkanaka, estimulu birtualak areagotzen ari dira eta gorputz esperientzia alde batera uzten ari da (bortizkeria birtualak ez du minik sortzen, aldiz, errealitatean bai). Mezu okerrak transmititzen ari gara, beraz, belardiak aukera paregabea ematen die txikiei bizi esperientziak garatzeko.

Belardiak, beste dimentsio batera eramaten gaitu. Belardian elementu bakoitzak bere denbora dauka. Sozialki, denbora dimentsio konkretu batean mugitzen gara eta naturarena ez da berdina. Egungo bizitzan, dena nahi dugu eta dena azkar. Naturak erakusten digu, gauza bakoitzak bere denbora behar duela eta ezin dela momentuan nahi duguna izan, baizik eta itxaroten jakin behar dela. Aldi berean, horrelako espazio batek hainbat gauza burutzeko aukera ematen du:

  • Suntsitu, eraiki, eraldatu.
  • Bere erritmora joatea.
  • Arriskua ikasi, oztopoak gainditu, bakoitzaren ahalmenak deskubritu: igo, orekak, saltoak, lasterketak…
  • Espazioarekin jolastu.
  • Elementuekin jolastu.
  • Objektu biziekin aritzea.
  • Proiektu anitzak burutu.
  • Natura eta bere ingurunea deskubritu.
  • Talde jolasez gozatu.
  • Esperimentatu.

Belardiko bizitza, soilik, da. Belardiak, gelditu eta begiratzera gonbidatzen gaitu. Alde batetik pentsa daiteke, belardiko ekintzak ez direla bizitzarako beharrezkoak. Egia esan, adimen tailer bat da, edo hobe esanda, adimen anitzetako tailerra; pertzepzioaren adimena, intuiziozkoa, emoziozkoa, soziala, estetikoa, kognitiboa, sormenekoa, praktikoa, gorputzarena, mugimenduarena…

Haurrak, agian tamaina txikikoak direlako, lurretik gertuago daude eta hauen begiratzeko modua helduarenaz aldentzen da. Helduok dena azkar begiratzen dugu, baina ez ikusten dugun horren atalak. Atal horietan naturaren miniaturak ikus daitezke.
(Rachel Carson. Tehe sense of wonder).

Belardiko bizitza, barruko bizitzaren aurka.

Espazioak handiagoak dira. Portaera eta jokabide konplexuagoak sortzen dira.
Abantailaz betetako jolas librerako habitata. Helduok belardian, ez zuzentzaile bihurtzen gara eta ekintza gutxiago proposatzen ditugu haurren ekintzari askatasunari emanez.
Inguru sozialarekin elkartzeko aukerak eskaintzen ditu.
Naturarekin biltzeko inguru ezin hobea.
Belardiak, barneko mezu inplizituak igortzen ditu, eta estaliko irakaskuntzak ematen dizkigu.
Belardia leku magiko bat da, non esploratu, asmatu, sortu eta jolastu daitekeen.

 

KATTUKA HAUR ESKOLA HAURRAK BELARDIAN

 

 

Comments are closed