Gure txikiek merezi dute

Itzaire Haur Eskola (Leitza)

Jaiotzetik 3 urtera bitarte, pertsonen etaparik garrantzitsuena dela diote, ingurua ezagutzen hasten garen momentua, mundua sentitzekoa, etapa honetan bizitza guztirako barruan emango ditugun sustraiak eraikitzen dira.
Egun batzuk badira, prentsatik albistea jaso genuela, 0-3 zikloa banatzeko asmoa dutela, beste behin ere, zikloari labankada sartu nahi diote, oraingoan bihotzean, familia, herritar eta hezitzaileoi kezka eta harridura sorraraziz. Guk herritar, hezitzaile eta familia bezala, ardura daukagu etapa honek merezi duen denbora, begirada, errekurtsoak eta zaintza eskaintzeko. Urte askotako lana dago honen atzean, Nafarroan egin den bidea izugarria izan da, beste erkidego askorentzat erreferentea da gurea, izan ere, interes ekonomikoen mesedetan beste erkidego batzuk egin dute haustura hori.

Aurten, 2-3 urteko haurren gelan ari gara lanean, une honetan gure haurrak bizitzak emandako aukerez gozatzen ari dira eskolan, batzuk, 4
hilabete zituztenetik daude gurean eta beraientzat konfiantzazko espazioa segurua da. Izan ere, eskaintzen dizkiegun aukerak, bai material, espazio, eguneroko jarduerak, haien benetako beharrak  entzunda prestatuta daude. Hau dena eskaintzen dion pertsona, erreferentziazkoa da, zaintza eta une garrantzitsuak modu pertsonalean eskaintzen dizkiona, haurren babesgune izanik, haien jardunaldi osoan bere presentzia ematen diona.

Ez dakigu nola gauzatuko den, izan ere, hezkuntzako langileok kontutan hartu gabe pentsatutako erabakia izan da eta kezka handia sortu du inguruan, baita galderak ere. Baina argi duguna gauza bat da, zikloaren banaketa, gure haurren ongizatearen aurka doala. Gure txikiek merezi dutelako, egin dezagun haur eskolen aldeko apustua, masifikazioak ekidinez, haien beharrak entzunez, aukera anitzak eskainiz eta kalitatezko zaintzan haziz.

Jarrai dezagun bizitza osasuntsu baterako haziak ereiten.

Comments are closed