Zuretako Luka

Kristina Goñi Etxenike

Duela bi hilabete, amatxi izan nintzen eta bizitzan izan daitekeen bizipen
politenetako bat dela erratera ausartuko nintzateke. Ezinezkoa da hitzez
azaltzea, ez baitago hainbertze maitasun, pasio eta goxotasun deskriba
dezakeen hitzik. Ez dakit irakurtzen ari zaretenen artean zenbat izanen zareten
aitatxi edo amatxi, baina pentsatzen dut ados egonen zaretela: bizitza
honetan aita edo ama izatea zoragarria bada, aitatxi-amatxi izatea bizitzaren
postrea da.

ESKER MILE Luka, zu sortu eta eragindako emozio eta sentimendu guztiengatik.
Orain umea zarenez, aitatxo eta amatxorekin goxo-goxo egonen zara etxean.
Beraiek dira behar duzun guztia emanen dizutenak: maitasun mugagabea,
espazio segurua, konfiantzazko giroa, zainketa goxoak, erabateko atentzioa
eta tratu ezin hobea. Beraiek dira beharrezkoak dituzun pertsonak. Maittia,
bizitza honetan ezinbertzekoak iruditzen zaizkit etxe sentsazioa eta maitasun
sentimendua; eta zuk, Luka, biak izanen dituzu. Zorteduna zu eta zortedunak gu
zurekin.

Hazten joanen zara eta bizipen berriak beharko dituzu, esperientzia eta
pertsona berriak zure prozesuan lagunduko dizutenak. Haur eskolara ailegatu
zara eta bertan, haur gehiago ezagutuko dituzu, eta doike, baita zure
hezitzaileak ere. Bertze harreman, aukera, esperientzia eta bizipenak izanen
dituzu bertan, eta horiek ere, hazten lagunduko dizute. Hasmentan, aldaketa
handia izanen da, gune seguru eta ezagun batetik, hau da, etxetik, ezezaguna
eginen zaizun bertze espazio batera pasako zarelako, haur eta pertsona
berriekin.

Harrera garaia ez da erraza izanen; ez baituzu espazioak, zure berdin-kideak
eta eskolako hezitzaile taldea ezagutuko. Baina hezitzaileen pazientziarekin,
goxotasunarekin, eta profesionaltasunarekin dena ongi aterako dela ziurtatu
dezaket. Errespetuzko harrera eskainiko dizute, zure garapen motorra
errespetatuko dute, adituko dizute, behatuko dizute, pertsona gisa
errespetatuko zaituzte, zure gaitasunetan sinetsiko dute, kalitatezko zainketak
izanen dituzu, ahal bezain atentzio indibidualizatuena izanen duzu… Haien esku
dagoen guztia eginen dute zure ongizaterako: pentsatuak diren espazioak
antolatuz eta haien hezkuntza proiektuarekin bat datozen proposamenak

eginez, betiere zure garapena ahal bezain aberatsena izan dadin. Haur
eskolan ZUEK zarete protagonista, zuentzat dago pentsatua. Eskainiko dizuten
materialak hausnartuak izanen dira eta egokiak izanen dira zure garapen
momenturako, bai kanpo eta bai barne espazio aberatsez gozatzeko aukera
izanen duzu, katiuskekin aterako zara kanpora, ikertzeko, ikasteko eta
gozatzeko hainbat eta hainbat
proposamen izanen dituzu… Eta hori gutxi balitz, mugak eta arauak
errespetatzen ikasiko duzu eta zure berdin-kideak eta eskolako helduekin tratu
onak izan eta denon bizikidetzarako beharrezkoak diren jarrerak jasoko dituzu.

Luka, ez izan handitzeko presarik. Zure prozesua zaindu, aberastu eta
errespetatuko duten profesionalak izanen dituzu haur eskolan. Beraiek ere, ez
dute zu fite haztea nahi. Gauza bakoitzak bere denbora behar duelako.
Politikoek «handien» eskoletan bi urteko gelak sortu nahi dituzte: badirudi, presa
dutela eta zuek fite haztea nahi dutela, eta doike, astakeria bat iduritzen zait. Bi
urteko haurrek ez baituzue «handien» eskolan egoteko beharrik; haur eskoletan
segitzeko beharra duzue, kalitatezko zainketekin, gaurgero bai zu eta bai zure
garapen momentua ezagutzen duten hezitzaileekin eta zuentzat pentsatuak
diren espazio seguruetan eta goxoetan.

Jakin ezazu, maittia, bi urteko gelek haur eskoletan segi dezaten borrokatuko
dudala, onena merezi duzulako, onena merezi duzuelako.

Luka, ez izan hazteko presarik.

Ilargiraino eta buelta maite zaitut!

Zure amatxi.

Haurtzaro duin baten alde, bi urteko gelei BAI, baina merezi duten tokian: haur
eskoletan!

Comments are closed