JANGELA

 

 KATTUKA HAUR ESKOLA bazkaltzen

Kattukan, jantoki zerbitzua eskaintzen dugu, izan ere, bazkaltzeko momentuek haurren janariaren aurreko onarpenean eragin zuzena dute. Kontutan hartzekoa iruditzen zaigu, adin tarte honetako haurrek jakiekin lehen kontaktuak, bizipenak eta sentsazioak bizitzen dituztela eta zeinen garrantzitsua den momentu hauek plazerrez bizitzea, etorkizunean janariaren aurrean onarpena izateko. Eskolan, haurrekin aritzen garen profesionalek, zinez uste dugu, bazkariak mimoz eta gustuz prestatu behar direla benetako kalitatezko menuak dastatu ahal izateko. Zer esanik ez bazkariaren inguruan sortzen diren une garrantzitsu horiekin. Kattukako langileek, hainbat formakuntzetan hartu dugu parte gai hau gehiago lantze aldera eta bazkariaren inguruan giro egokiak sortzeko; hala nola,

  • Talde txikietan bazkaltzea: Jangelan edo eta geletan, bazkaltzeko orduan sortzen diren zaratak, ez atseginak izan daitezke, eta are gehiago 20 edo 25 umez osatutako taldeetan joatekotan. Hainbat hausnarketa eta antolaketa ereduetan pentsatu eta gero, talde murriztuetan bazkaltzeak dauzkan onurak aztertu ditugu; elkarrizketak sortzen dira haurren artean eta haur eta helduen artean, jateko momentua une sozial bihurtuz eta ez tripa betetzeko momentua soilik.

  • Haur bakoitzaren erabakien eta erritmoen errespetua: Orain arte gure hezkuntza proiektuan behin eta berriz aldarrikatzen dugun bezala, haurren erabakitzeko eskubidea eta banakako erritmoen errespetua defendatzen dugu. Errespetu hau oinarritzat hartuta, janariaren aurrean agertzen duten jarrera positiboagoa da, dastatu nahi duten edo ez erabakitzeko eskubidea dute, ez zaie probatzera ere behartzen, baizik eta, haur bakoitza mundu bat delaren lelopean, bakoitzak bere denborak behar dituela argi dugula eta batzuei besteei baino gehiago kostatzen zaiela jaki berri bat probatzea, edo eta puretik solidoetara pasatzea.

    • Txandak eta jangelako arauen barneratzea: Txandak erabiltzen ditugu, beti orden berdinean, haurrek beharra aseko dutelaren bermea izan dezaten. Honela, ez da antsietaterik sortzen, edo egotekotan gutxitu egiten da. Era berean, erraz egiten da arauen barneratzea eta ulertzea, talde txikian, elkarrizketan eragina handiagoa delako, esaten denaren ulermena dagoelako, ahots tonuak egokiak dira, giro lasaia sustatuz. Baita higiene ohituren barneratzea eta honetan haurren autonomia landuz.

    • Ordutegia: Bazkaltzeko ordutegia ezari da, eskolako antolaketa eta ordutegi aukera desberdinei egokitzeko beharra dagoelako, baina beti ere ez dago ordutegi itxirik. Hau da, gutxi gora behera 11:30etarako goaz bazkaltzera, talde txikietan, eta ez dago amaiera ordurik, haur bakoitzak bazkaltzeko behar duen denboraren arabera luzatzen baita. Taldeen osatzeak ere badu bere koxka. Gure hausnarketen emaitzetako bat da haurrak ongi bazkaltzeko gosea eduki beharra duela eta batzuetan ez dela denbora nahikoa igarotzen otordu batetik bestera. Denbora hori 3 ordu t´erdi eta 4 orduren tartean kokatu dugu. Hortaz, lehen orduan eskolara datozen haurrak dira lehen txandan doazenak eta beranduago sartzen direnak hurrengoan. Sinestezina dirudien arren, txandakako formula honek, lana izugarri erratzen du eta ez da talde handian emandako denbora baino askoz gehiago luzatzen. Beraz, bideragarria da aukera hau eta lehen aipatutako talde txikietako onurak gehitzen ditugu.

Comments are closed